[TOKIKO SOZIOEKONOMIAREN ERALDAKETARAKO ESTRATEGIAK]

Ekonomiaren birtokiratzea: lurraldeak gaitasun politiko-herritarren eta bizitza bizigarrien topaleku

Lurraldeak eraldaketarako hazilekuak dira, eta lurralde-garapen neoliberalaren kontrara (kapitalarentzat ustiapen-eremua), lurralde-garapen eraldatzaile eta emantzipatzaile batek gai izan behar du herritarren eta lurraldearen (auzoa, herria/hiria, landa-gunea, eskualdea) interes orokorrak sustatzeko. Horretarako, zer ekoizten den, nola ekoizten den eta soberakin ekonomikoa nola banatzen den hartu behar dira kontuan.

Ekintzakoopen ikuspegitik, garapena benetakoa izango da herritarrak zein erakunde eraldatzaile eta demokratikoak erabakitzearen erdigunean daudenean, eta ekonomia-jarduera ingurunera eta komunitatearen desira eta beharretara begira dagoenean.

Horregatik, tokian toki ekonomia eraldatzailerako baldintza egokiak sortzeko lan egiten dugu: ekosistema kooperatiboak sustatzeko politikak diseinatzen laguntzen dugu, eragile desberdinen arteko elkarlanerako espazioak eraikitzen ditugu, eta tokiko ekonomia sozial eraldatzailearen egitura sendotzen dugu. Gure helburua herri eta auzo bakoitzak bere bizi-baldintzak kolektiboki hobetzeko tresnak, ezagutzak eta bestelako baliabideak eskaintzea da.

— Zer egingo dugu batera?

Aholkularitza espezializatua eskaintzen diegu administrazio publikoei, herri-eragileei eta ESEko proiektuei beraien lurraldeko eraldaketaren subjektu aktibo bilakatu daitezen. Besteak beste, ondorengo gaietan jarduten dugu:

  • ESErako eta tokiko garapenerako plan estrategikoen diseinua eta garapena, bide-orri estrategikoen eta politika publikoen proposamenen bidez.
  • Ekosistema kooperatiboak eta subjektu eraldatzaileak sustatzeko prozesuak eta bide-orriak: Herri Kooperatibetan espezializazioa.
  • Diagnostikoak eta lurralde-azterlanak, tokiko ESE ekosistema ezagutu eta hobetzeko.
  • Antolaketa komunitarioko prozesuen dinamizazioa, komunitateak erabaki-hartze kolektiboan inplikatzeko.
  • Bulego tekniko espezializatua, ekitaldiak eta programak koordinatzeko.