Proiektu bakoitza, gure konpromisoa
Kooperatiba bat sortzea edo ekonomia sozialeko proiektu bat abian jartzea erronka handia denez, merezi du bidelagun onak izatea bidean. Ekintzakoopen badakigu akonpainamendu on batek proiektu baten ibilbide on baterako giltzarri dela: ez soilik tresnak eta ezagutzak ematen dituelako, baizik eta konfiantza eta ikuspegi estrategikoa eskaintzen dituelako.
Gure akonpainamendu-zerbitzua prozesu luze eta pertsonalizatu batean oinarritzen da, proiektuaren hasierako ideiatik kooperatibaren edo erakundearen eraketa formalera, eta baita ondorengo urteetan beharrezkoa den kontsolidaziora ere.
— Zer egingo dugu batera?
- Ideiaren lurreratzea eta kooperatibaren eraketa: Kooperatibaren (edota ESEko beste forma juridikoen) sorreran lagundu, estatutuen idazketan, barne-gobernantzan eta erregistro-prozesuetan. Baita elkarte bat kooperatiba bihurtzeko prozesuan ere.
- Barneko gobernantza demokratikoa: Erabaki-hartze prozesuak, bileraren dinamika eta barneko demokraziaren kultura sustatzeko bidelaguntza. Kooperatiba bat ez da soilik forma juridiko bat: eguneroko praktika demokratikoa da.
- Erakunde-antolamendua eta estrategia: Plan estrategikoen diseinua, lan-metodologiaren hobekuntza eta proiektuen barneko egituraketa.
- Baliabideetara sarbidea: Diru-laguntzetarako proiektuen idazketan laguntza, finantzaketa-iturrien identifikazioa eta aurkezpen prozesuetako aholkularitza.
- Kooperatibismoan sentsibilizazioa: maila anitzetako formazio eta prestakuntza-saioak, bai ESEaren eta kooperatibismoaren balioetan, bai forma juridikoen inguruan.
- Erreleboa, berreskuratzea eta transformazio kooperatiboa: azken urteetan gero eta beharrezkoagoa suertatzen ari da hainbat negozio eta proiekturi jarraipena ematea jubilazioagatik lehen sektorean, merkataritza eta ostalaritza txikian, ofizioetan, etab. Beste hainbat kasutan forma juridikoen transformazioa egitea ere suertatu liteke, bai krisian dagoen enpresa langileen esku jarri eta kooperatibizatzeko, edota enpresaren funtzionatzeko modua pertsona eta kolektiboak erdigunean jarrita egin nahi delako. Horregatik, gisa honetako prozesuak ere bidelaguntzen ditugu.
