Kategoria: Kooperatiba

  • Ekintzakoop aurkeztu dugu

    Ekintzakoop aurkeztu dugu

    Ekintzakoop aurkeztu dugu gaur, gure lurraldeak, lanak eta bizitzak eraldatzeko helburua duen bigarren mailako kooperatiba

    Gaur Aginagan egindako ekitaldi jendetsuan Ekintzakoop bigarren mailako kooperatiba aurkeztu dugu, Lakari, Talaios eta TaPuntu kooperatiben artean interkooperazio logikan sortutako aholkularitza aurreratua.

    Erronkaz betetako testuinguru konplexuaren aurrean, ekintza

    Aurkezpenean kooperatiba sortzeko motibazioak azaldu ditugu. Kontestu konplexu baten aurrean ekintzaren beharra azpimarratu nahi izan dugu, besteak beste honako erronkei erantzuteko:

    • Lanaren burujabetzan aurrera egitea.
    • Trantsizio ekosoziala eta bizitzaren aldeko hautua.
    • Zaintza lanen feminizazio, arrazializazio eta prekarizazioa desagertaraztea.
    • Migrazioak eraldaketarako aukera gisa ulertzea.
    • Teknokapitalismo finantziero eta militarizatuei aurre egitea.
    • Jabetzen pribatizazioari eta ondasun zein gorputzen desjabetzeari planto egiteko beharra.

    Erronkak askotarikoak izanagatik, gure ekarpena nagusiki hauetan zentratuko da: zaintzak eta kooperatibak denontzat; teknologia eta digitalizazioa; elikadura; komunikazioa; energia komunitateak; merkataritza eta ostalaritza.

    Zer eta nola

    Ekonomia Sozial Eraldatzaileko ikuspegia proiektu eta tokiko ekosistemetan garatzen arituko gara, honako eremuetan:

    • Tokiko sozioekonomiaren eraldaketarako estrategiak.
    • Kooperatibagintza.
    • Proiektuen kudeaketa aurreratua.
    • Ezagutza, sistematizazioa eta ikerketa.

    Baina, zer azaltzearekin batera, nola egingo dugun azpimarratzea garrantzitsua da: lurraldez lurralde, kooperatibismo komunitarioaren ikuspegitik, ekonomia feministan oinarrituz, prozesuak zainduz, denbora bizigarriak errespetatuz, pentsamendu kritikoa sustatuz, etorkizun desiragarriak landuz, burujabetzak indartuz, sarean, ikuspegi antiarrazista batetik…

    Kooperatiba berria izanagatik ere, hau osatu dugun kideok esperientzia zabala dugu eremu honetan. Besteak beste, Aginaga Biziberritzen Herri Kooperatiba sortzeko prozesua lagundu dugu azken urteetan.

    Elkarlanerako eta interkooperaziorako gonbita

    Gaur gaurkoz Lakari, Talaios eta TaPuntu kooperatibak dira Ekintzakoopeko bazkide. Dena den, interkooperazioan oinarritutako dispositibo bat da hau eta, beraz, askotariko elkarlanak lantzea da gure hurrengo erronka, izan Ekonomia Sozial Eraldatzaileko eta kooperatibismoko bestelako enpresekin, zein udalgintza eraldatu nahi duten erakunde publikoekin edota ehun komunitarioko eragileekin.

    Elkarlaneko logika honen erakusgarri dira gaurko ekitaldira hurbildu diren eragileetako ordezkariak: ekonomia sozialeko sareak, ekosistema kooperatiboak, kooperatiba taldeak, erakunde komunitarioak, finantza erakunde kooperatiboak, erakunde publikoak, unibertsitateak, sindikatuetako fundazioak, alderdi politikoak…